XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.4. Bapateko iharduna Textu idatzirik ez dago berez ahozko literaturan, eskuarki behintzat.

Eta nahiz textu idatzirik ez egon, herriak buruz jakin ditzakeen piezetan ere ez bide du aurkitzen erabilgarritasun beterik: edo ez dira egokitzen une jakin batetara, edota entzunegiak gertatu ohi dira jendearen ahogozorako.

Bestalde, nahiz eta herri-artistak idazten jakin, eta aldez aurretik textuak prestatzeko gai izan, herriak ordea, (bapateko iharduerara ohiturik dagoen herriak), ez du nahi aldez-aurretik prestaturiko texturik, hauek galerazi bait dezakete, une berean sortu, interpretatu eta ahogozatzen den sorketaren grazia.

Horregatik, bapatekotasunari neurri ederrean ematen zaio amore herri-literaturaren berezko dinamikan.

Bapatekotasunaren alderdi hau nabarienik bertsolaritzaren alorrean agertzen da.

Honelakoa da bapateko bertsogintza, beharra abilidade bihurtzen dela: nahi den lekuan, nahi den orduan eta nahi den bezala, hitzak aldez aurretik gertatu gabe, bertsoak han bertan eta orduan bertan sortzeko eta kantuz eman ahal izateko trebetasuna (6) M. LEKUONA, Literatura oral vasca, in Idaz-lan guztiak, Kardaberaz Bilduma, 22 z. I t., Aozko Literatura, Gasteiz, 1978,268 or. eta hurrengoak. Oharra: egile honentzat edizio hau erabiliko dugu beti, besterik esan ezean.

Literatur mota guztiek ez bide dute maila berean erabiltzen bapateko iharduna.

Antzerkiak eta kontaerak textuaren aldetik finkotasun bat eskatzen dute, gidoi bat gutxienez; eta abilidadea dago, noski, textu zaharretan apio harturik, trama berrien sorketan, kontaera berrien emankizunetan, eskena berrien eranstean.

Baina gauza hila lirateke bapatekotasunik gabeko teatroa, kontaera, kopla eta errepinak.

Aldioro berdin, eta aldioro berri: hau da literatur mota hauen berezko legea.

Horregatik, ahozko literatura gauza dinamikoa da.

Ez dira kontuan hartzen eginik dauden textu finkatuak, textu zaharrak, bakarrik; baita aldi bakoitzeko kimu berriak ere.

Eta balio-iritziari begiratzen badiogu, dinamikotasunari lehen garrantzia ematen zaionez, ez dira, agian, textu finkatuak ahozko literatura jatorraren gauzarik baliotsuenak, baizik eta artista bera da garrantzitsuena, eta honek jendaurrean, bizikizunez emanik, egiten dituen bertso-saio erreberoak.

Artistaren nortasunak eta taldeak bizi duen une historikoak dute lehentasuna ahozko literaturaren osagaietan.